Usaimena
Sudurra usaimenaren zentzumen-organoa da. Zentzumen hartzaileak haren barnean daude, eta pituitario horia osatzen dute.
Usaimenaren hartzaileek gas-egoeran dauden substantzia kimikoak hautematen dituzte, eta informazio hori garunera igortzen dute, usaimen-nerbioaren bidez. Garunak informazioa hartzen du, eta usain-sentsazioa sortzen.
Usaimenaren bidez, askotariko substantzia kimikoak bereiz ditzakegu.
Dastamena
Dastamenaren zentzumen-hartzaileak ahoaren barnean daude, dastamen-papiletan. Haien bidez, substantzia kimiko disolbatuak bereiz ditzakegu.
Usaimena eta dastamena oso lotuta daude. Ahoan janariren bat sartzen dugunean, hura osatzen duten substantzietako batzuk listuan disolbatzen dira, eta dastamen-papilak kitzikatzen dituzte. Beste substantzia batzuk lurrundu egiten dira, eta sudurrera iristen. Hortaz, elikagaien zaporea dastamen- eta usaimen-sentsazioen nahastea da.