Sudurra usaimenaren zentzumen-organoa da. Zentzumen hartzaileak haren barnean daude, eta pituitario horia osatzen dute.
Usaimenaren hartzaileek gas-egoeran dauden substantzia kimikoak hautematen dituzte, eta informazio hori garunera igortzen dute, usaimen-nerbioaren bidez. Garunak informazioa hartzen du, eta usain-sentsazioa sortzen.
Usaimenaren bidez, askotariko substantzia kimikoak bereiz ditzakegu.
Dastamena
Dastamenaren zentzumen-hartzaileak ahoaren barnean daude, dastamen-papiletan. Haien bidez, substantzia kimiko disolbatuak bereiz ditzakegu.
Dastamen-papilak nerbio-zelulak dituzten irtenguneak dira. Listuan disolbatutako substantzia kimikoak dira hartzen dituzten estimuluak, oinarrizko lau zaporeei dagozkienak: gozoa, gazia, garratza eta mingotsa.
Usaimena eta dastamena oso lotuta daude. Ahoan janariren bat sartzen dugunean, hura osatzen duten substantzietako batzuk listuan disolbatzen dira, eta dastamen-papilak kitzikatzen dituzte. Beste substantzia batzuk lurrundu egiten dira, eta sudurrera iristen. Hortaz, elikagaien zaporea dastamen- eta usaimen-sentsazioen nahastea da.
Larruazala ukimenaren zentzumen-organoa da. Presioa, tenperatura, mina eta abar hartzen dituzten zentzumen hartzaileak ditu.
Larruazalak bi geruza ditu:
Epidermisa. Kanpo-geruza da. Geruza horren kanpoaldea zelula hilez osatuta dago, eta etengabe erortzen dira, ezkata gisa.
Dermisa. Barne-geruza da. Odol-hodiak ditu, bai eta ukimenaren zentzumen-hartzaileak ere.
Ukimenaren bidez askotariko informazioa hartzen dugu: objektuen forma eta testura, hotza, beroa, mina… Larruazaleko gune batzuetan zentzumen-hartzaile gehiago ditugu beste batzuetan baino, eta hortaz, ukimen-sentikortasun handiagoa dugu gune horietan; esaterako, hatzetan eta ezpainetan.
Belarriak entzumenaren zentzumen-organoak dira. Haren zentzumen-hartzaileak barakuiluan edo koklean daude.
Belarriak hartutako informazioa entzumen-nerbioaren bidez igortzen da garunera.
Belarri-hegalak hotsak hartu eta tinpanora transmititzen ditu, entzunbidearen bitartez. Tinpanoak dar-dar egiten du hotsak hartzean, eta dardara hori barakuilura transmititzen du, hezurtxo-katearen bidez. Dardarak zentzumen-hartzaileek hautematen dituzte, eta nerbio bulkadak igortzen dituzte garunera, entzumen-nerbioaren bidez.
Objektuen kolorea, forma eta tamaina eta zer distantziatan dauden hautematen dugu ikusmenaren bidez, argiari esker.
Begiak ikusmenaren organoak dira. Argi-estimuluak hautematen dituzte, erretinako zentzumen-hartzaileei esker.
Begiak bi atal ditu:
Begi-globoa. Likidoz betetako esfera bat da, hiru geruza dituena; haietako bat erretina da.
Organo erantsiak. Begia babesteaz gain, haren mugimendua eragiten dute. Bekainak, betileak, betazalak, malko guruinak eta begiko giharrak dira.
Argiak kornea eta kristalinoa zeharkatzen ditu, bai eta begi-globoko likidoak ere, eta erretinara iristen da. Han, zentzumen hartzaileek argia nerbio-bulkada bihurtzen dute. Nerbio-bulkadak ikusmen-nerbioen bidez igortzen dira garunera. Garunak, jasotako informazioa oinarri hartuta, irudia sortzen du.
Pertsonok etengabe jasotzen dugu informazioa gorputzaren barnetik zein kanpotik. Informazio horiei estimulu esaten zaie, eta zentzumen-hartzaileei esker hartzen ditugu.
Zentzumen-hartzaileak informazioa hartu eta nerbio-bulkada bihurtzen duten nerbio-zelulak dira.
Hartzaileetako nerbio-bulkadak nerbioen bidez igortzen dira nerbio-sistema zentralera, eta hark informazioa jasotzen du, interpretatzen du, eta erabakia hartzen du.
Zentzumen-hartzaileak non dauden, bi mota bereizten dira:
Barne-hartzaileak. Organismoaren barnean daude, eta gure gorputzaren egoera orokorrari buruzko informazioa hartzen dute (egarria, pixagalea, osasun-arazoak, jarrera…).
Kanpo-hartzaileak. Kanpoko informazioa hartzen dute (argia, hotsak, larruazalaren gaineko presioa, usainak, zaporeak…). Batzuk elkartu egiten dira, eta zentzumen-organoak osatzen dituzte.