Gihar-sistema giharrek eta tendoiek osatzen dute. Giharrak nerbio-sistemaren seinaleei erantzunez tamaina aldatzen duten organoak dira. Garunetik seinale bat hartzen dutenean, giharrak uzkurtu eta laburtu egiten dira. Seinalea hartzeari uzten diotenean, hasierako luzera hartzen dute ostera.
Tendoiak giharrak eta hezurrak lotzen dituzten lokarriak dira. Giharrak uzkurtzen direnean, tendoiek hezurretatik tiratzen dute eta mugiarazi egiten dituzte.
Hiru gihar mota daude:
Eskeleto-giharrak. Lokomozio-aparatuaren zati dira. Haien bidez,borondatezko mugimenduak egin daitezke; esaterako, oinez ibiltzea.
Gihar leunak. Erraien barnealdea estaltzen dute. Haiei esker egiten dira gorputz barneko ez-borondatezko mugimenduak, hala nola digestioarenak.
Bihotz-giharra. Bihotzeko giharra da, ez-borondatezkoa.
Eskeleto-sistema hezurrek eta giltzadurek osatzen dute.
Hezurrak zelula biziz eta gatz mineralez osatutako organo gogorrak eta erresistenteak dira. Gorputzeko hezur guztien multzoari eskeleto deritzo.
Hezurren barnealdea arola da. Hantxe dago hezur-muina; muin horretan sortzen dira odoleko zelulak. Hauek dira eskeletoaren funtzioetako batzuk: gorputzaren pisuari eustea; gorputzaren mugimenduan esku hartzea; eta bizi-organoak babestea, hala nola bihotza, garuna eta bizkarrezurra.
Giltzadurak hezurren arteko loturak dira.
Hiru giltzadura mota daude:
Finkoak. Hezurrak elkarren artean sendo-sendo lotzen dituzte, mugi ez daitezen. Hala daude lotuta burezurreko hezurrak.
Erdi mugikorrak. Hezurrak sendo lotzen dituzte, baina mugimendu txikiak egiten uzten dute. Horren adibide dira ornoak lotzen dituzten giltzadurak.
Mugikorrak. Era askotako mugimenduak egin ditzakete. Halakoak dira, adibidez, ukondoa, sorbalda, belauna…
Giltzadura mugikorretan, hezurrak lotailuen bidez lotuta daude; hau da, lokarri elastiko eta oso erresistente batzuez. Mugitzean hezurren ertzetan marruskadurarik sor ez dadin, kartilagoz estalita daude; hezurren artean, likidoz betetako poltsa bat dago, lubrifikatzaile gisa jokatzen duena.